XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia da: gure literatura ez da normala, normala ohizkoa bada.

Gure literatura ez dago gaztelaniazkoaz edo frantsesaz alderatzerik.

Azterketari falta zaizkiola, irakurleak usteko duen alderdi batzuk, hortakoz, azterketak ez, baino euskal literaturak berak falta ditu.

Beharbada begira zitezkeen alderdi horiek ere apurtxo bat gehiago.

Baina, bene-benetan egungo literaturgintzan arazo sekundarioak ditugu.

Biharkoan inportantzia gehiago izanen dutela, denok espero dugu.

Historiak esplikatzen du, zergatik dabilen, dabilen eran, egungo gure literatura.

Historiaren erdian, historiak ukitu gabe ibili bait da euskal idazlea: mundu guztian dilubioa ari zuen, baina hura Noeren Arkan.

Patxada-patxadan eta seguritatean.

Harrapatu du dilubioak hura ere, horratio! Eta horixe da egungo literaturgintza.

Euskal literatura zahar gehiena, kasik dena, baserriari itsatsi zaio XX. mendera arte.

Baserri maitaleak ziren literatura hori egin digutenak: agian jatorriz baserrikoak ere bai; baina ez baserritarrak, bizibidez eta lanbidez.

Horrek bere tankera eman dio.

Han daukagun baserriak, baserri munduak, baserriko errealitatea oso goi-goitik tranzenditzen bait du.

Baserri metafisikoa da.

Tradizio sanoen etxea; bakearen kutxa; harmonia prestabilitu guztizko gizarte patriarkala; sendi harremanetako gizarte gozo eta ederra; ordenu perfektoaren mikrokosmoa. Arkadiarik ez da.

Baina bakarrik, euskal irudipen puritanoek esijitzen zuten Arkadiak, rigoroski moral eta xuxen-xuxen izan behar zuelako.

Arau eta ordenu beti seguruen erreinu konplitu.

Monastegi sekular: ora et labora.

Euskal literatura sinesmen katolikoaren mundu seguruan ibili da orobat: dotrinek, dogmek, sermoiek, festa egunek eta ohitura garbiek, gaztelu herstuagoan eta garbiagoan sartzeko izan da: badugu literatura kalbinista hondar bat.

Biderik zapalduenetatik eta ohituenetatik ez da irten.

Formari bagagozkio, beraz, gehiena trataduak egin dira, dotrinak nahiz sermoi eta irakas liburuak.

Eta hori ere arimari begira ia dena.

Haragiarekin ez da arriskatu euskal literatura.

Ezta forma literario egiazki libreekin ere.

Kreazioaren beldur izan da.

Ia beti, eta geroz gehiago, etxe inguruko euskalki ezagunean ibili zaigu.

Etxeko eta hauzoko euskaran.

Gurasoei ikasitako euskara goxo goxoan, seguruan.

Alegia, hori egitea ez da lortu.

Lortu dena izan da, sutondotik aldentzeko ikara izatea.

Idazlea, bere euskararekin, beti amaren gonapean bezala ibiltzea.

Ez da bide berritatik menturatu.

Beti etxeko seguritatean, hizkuntza aldetik ere.

Gerra aurreko belaunaldiak ezin irauli izan zuen mundu hori, aski menturatu arren.

Hein handi batetan mundu horrexen menpean zegoelako bera ere.

Gainera, bidea moztu ziotelako.

Faxistek Lauaxeta poeta Gasteizko presondegian garbitu zuten.

Granadan bakarrik ez dira afusilatzen poetak.

Beraz, irakurleak ez du harritu behar, orain etxea hankaz gora ikusten badu, eta literaturgintza nahasi honek, haren ustez, eginkizun zinez harrigarriak eta oso guti literarioak ere badarabilzki.